Borrar
Zoazte Infernura!
AsteRkaria

Zoazte Infernura!

Martes, 22 de abril 2025, 00:12

Ba niretzat kriston faena izan da. Purgatorioarena diot. Elizaren arabera Purgatoriorik ez egotearena. Ezagutzen dut nire burua eta azken bidairako ere -edozertarako bezala azken finean- berandu ibiliko naiz; maletak egiteke. Denboraldi batez ondo etorriko zitzaidan bekatuen gaian eguneratzeko. Baina ez; jadanik ez dauka konponbiderik. Badirudi Linboarekin oraindin zalantzak daudela baina Purgatorioa itxita dago. Behin betikotasunez. Benedicto XVI.ak bi aukera baino ez dizkigu utzi: Zerua ala Infernua.

Nire ustez, Infernuan DBHko 1. mailako gela batean baino aniztasun handiagoa egongo da. 'De manual' bekatariez gain, han elkartuko dira ere bizitza osoan oharkabean pasatzen direnak, baina kartzelatik igarotako jendea baino kalte konponezinagoak eragin dituztenak:

Esate baterako Infernua beteta dago hitz egiten dizun bitartean besoa ukitzen dizun jende horrekin. 'Ez dakit ulertzen didazun' edo are okerrago 'ez dakit ulertzen ari zatzaidan' behin eta berriz esaten dizutenaren solairu berean daude. Egia esanik pisu hori petatuta dago: hor daude, halaber, beren buruaz bakarrik hitz egiten dutenak eta beti zu baino askoz okerrago -zure gaixotasuna, ezbeharra, mina edota dohakaitza lelokeri hutsak dira- pasatu dutenak eta arazoa konpondu beharrean errudun baten bila dabiltzanak. Saiatu guzti hauengandik ahalik eta urrunen jartzen.

Zerua, hala ere, askoz jasanezinagoa iruditzen zait. Agian egun pare bat eman nezake hodei batean eserita eta nire ahotsa aingeru-koru bati gehituz, baina ez dut nire burua betiko giro horretan murgildurik. Zerua niretzat benetako infernua izango litzateke: Zeruan bizitza eredugarriko jendea egongo da, inoiz markatutako bidetik irten ez direnak; beti arauak, aginduak jarraitu dituztenak. Eta egin bazuten, biziki damutu zirenak. Zeruko harmailetan egongo direnen bizitzek ez dute ezustekorik, esperientzia zirraragarririk, akats harrigarririk izango. Hango loriak, hango distira asaldagaitzak ez du zerikusirik infernuan entzungo ditugun istorio mamitsuekin: lapurreta akasgabeak, txantxa astunak, mozkorraldi ahaztezinak, sexua, grina, neurrigabekeria, borrokak…

Hauxe kontatzen dizuet nire ikasleontzako irakurketen bila nenbilelarik Alessandro D 'Aveniaren 'Lo que el Infierno no es' liburuarekin topatu dudalako. Palermo marjinal batetik dabilen 17 urteko nerabe baten esperientziak partekatzera gonbidatzen gaitu liburuak: Brancaccio auzokideek ez dute inolako itxaropenik; drogek, langabeziak, indarkeriak eta familia-egoera zailek markatutako infernuko sukurtsal batean bizi dira. Gainera, nobelako beste protagonista nagusiak, Mafia, ('Ehiztariak' eta Nuccio antzeztuta) behin eta berriz agertuko da. Baita -eskerrak- maitasuna ere.

Bai, Shakespeareari -'Ekaitza'- arrazoia eman beharko genioke: 'Infernua hutsik dago eta deabru guztiak hemen daude'. Hor ditugu Brancaccio; hor ditugu muga-zergen gerra deklaratzen dutenak, zibilak hiltzen eta beren lurraldeak bereganatzen dituztenak; politika lupatz bihurtzen ari direnak. Erauntsi betean Glovo bat eskatzen dutenak. Gaiztoenak dira, dena den, barruan daramatzagun demonioak: neuralgiak, depresioak, endekapenezko gaixotasunak; baita harreman batzuk atzeraelikatzen dutenek ere.

Ez dago langilerik Su- leizeko sugarrak piztuta mantentzeko; ez da inor geratu hara bidalitakoak torturatzeko; hango kartzelariak urteak daramatza Lurrean erroldatua… Kondenatuek ematen dituzte egunak solasaldian, musean, karaokean, Errege emeritoa kritikatzen, Netflix ikusten…

Bai, aukeratzen uzten badizuete, zoazte zuzen zuzen Infernura.

En fin

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Zoazte Infernura!

OSZAR »