Borrar
Directo Manchester United 0 - Athletic 1
Xabier Lete eta Lurder Iriondo.
Elkarrekin artea, elkarrekin maitasuna
Territorios | Lurdes Iriondo eta Xabier Lete

Elkarrekin artea, elkarrekin maitasuna

Nortzuk dira elkarrekin lan egin eta elkar maitatu izan duten euskal artista nagusiak?

Viernes, 7 de febrero 2025, 12:33

Apaizez beteriko euskal literaturan ez da maiz ageri artean elkarrekin aritu den bikotearen izaera. Hasi naiz gogora ekartzen gaia. Nortzuk dira arte batean batera langintzan aritu eta elkar maitatu izan diren bikoteak euskal arloan?

Ez zait zaila egiten antzeko lanetan ari diren bikote partaideak aipatzea. Irakaskuntzan badira adibideak. Hona ekarriko ditut Dolores Vilavedra eta Henrique Monteagudo Santiago Unibertsitateko galiziarrak. Edo Annabel Martin eta Txetxu Aguado Estatu Batuetako Dartmouth Unibertsitateko irakasle euskaldunak.

Adibide zenbait letren munduan

Baina biak batera arte bakar batean lanean ari direnak ez dira usu aurkitzen gure eremuan, edo gaur esaten den bezala, gizartearen ekosisteman.

Urrun joan gabe eta adiskideen artean gogora ekarriko ditut Almudena Grandes nobelagilea eta Luis García Montero poeta, edo hurbilago Ana Merino, poeta eta nobelagilea, eta Manuel Vilas, nobelagilea eta poeta.

Euskal mundura etorriz baina, zeintzuk dira batera arte batean lanean aritu izan direnak? Gaurkoak izan behar. Eta Julia Otxoa idazlea eta bere senarra, Ricardo Ugarte artista, ekarriko nituzke orri hauetara. Edo Uxue Alberdi idazlea eta Eñaut Elorrieta musikaria.

Baina banatzeek eta dibortzioek ere bere lana egin dute eremu horretan. Nire fakultatean, hurbil-hurbila aipatzeko, badira ezkontideak izan eta gaur jada bikote ez diren pertsonak. Edo pertsona biak idazle eta nobelagile direnak eta gaur elkarrekin ez daudenak.

Batera lan egin, eta maitasuna mantendu zutenak

Honaino helduta beraz, nahiago dut irudi iraunkorretara jo. Nortzuk dira elkarrekin lan egin eta elkar maitatu izan duten euskal artista nagusiak? Topikoa bada ere Lurdes Iriondo eta Xabier Lete.

Ziurrenik oroimenak zizelkatu du haien arteko lotura eta behin eta berriro entzungo ditugu aipamen berberak eurei buruz. Egunkari honetan lankide dugun Jon Martin-Etxebestek liburu bana eskaini die: Xabier Leteren kantagintza gai harturik, Xabier Lete, bertsorik sakonena; eta Lurdes Iriondoren biografia berria eratu nahirik, Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa. Batez ere azken horretan kontatu du bien arteko lotura.

Esan ohi da hasiera testuek osatzen dutela norbaiten portreta. Eta horrela gertatu zen Lurdes Iriondorekin. Miresle bi izan zituen eta haiek marraztu zuten bere irudia. Honela idatzi zuen bere biografia egin zuen Joxe Mari Iriondok: «1966an Bilbon izandako jaialdi batean ikusita, «Euskal Herriaren nobia» deitu zion Gabriel Arestik, haren itxura ederraz liluratuta. Luis Iriondo azkoitiarrak, berriz, kantari amerikar entzutetsuarekin parekatu zuen, «Euskal Herriko Joan Baez» deituz. «Izar berri bat sortu da gure musikaren zeru-sabaian!», erantsi zion bere kronikari (La Voz de España, 1966ko abendua)». Eta harrezkero, «Euskal Herriaren nobia» eta «Euskal Herriko Joan Baez» izan zen, nahiz eta bere ibilbidean askoz gehiago zela adierazi.

Horrelakoak dira estereotipoak, ageri dira eta zailak dira gainetik kentzen. Gainera horrelakoak gustatzen ez zaizkiola adierazi badu ere Joxe Mari Iriondok, bera izan zen erretratua borobiltzen lehena, «Ez dok amairu taldeko musa» izendatu zuenean. Eta ez hori bakarrik. Honela deskribatu zuen bere irudia: «Izan ere, musa, amabitxia, aitzindaria, babesa, laguna, itzala, aingerua, edozer izan zitekeen zinez, bera zen-eta taldeko lehena eta taldean ezagunena».

Xabier Letek, ordea, beste irudia bat agertu zuen. Kantatzen ez zekien kantariarena, eta halaz ere, entzutekoa bikaina zen ahots gordina zuen espresio emaile bereziarena.

Bien arteko maitasuna garai bateko ispilua izan zen. Nahiz eta, Lurdes haurdun geratu ondoren ezkondu omen zen bikotea, Martin-Etxebesteren esanetan. Beste garai batzuk ziren, eta seriotasuna nagusia zen aldi hartan.

Alde tragikoa begietan

Beren garaian sortu zuten lilurak bazuen beste ezaugarri bat. Lurdes gaixorik zen, eta Letek ere ezagutu zuen gaixoa. Edozein une larritan eten zitekeen maitasun tragikoa zen haiena. Eta horrek maitasuna idealaren sendotasunari keinu tragikoa eman zion.

Lurdesek «balbula mitralaren estenosia» izan zuen Jon Martinen hitzetan, bizitza osoko gaixotasuna, bitan operatu zuten hil ala biziko egoeratan. Eta horrek ikaragarri mugatu zuen bere bizitza eta, noski, kantari ibilbidea. Letek ere gaixo luzea izan zuen. 1985ean hesteetako gaixoa aurkitu zioten. Eta eritasunak keinu tragikoa eman zion bien arteko loturari, itzal erromantikoa zabalduz haien inguruan.

Jon Martinek jaso duenez, Letek esaten omen zuen: «Bere gaixotasunak eta maite zuenarenak gauza asko erlatibizarazi zizkiola: «beste aldean» dagoela gaixo dagoen hura». Gozo eta gazi, irri eta negar, poza eta tragedia. Maitasuna historia luze bezain hauskor baten historia idatzi zuten Letek eta Iriondok. Atxagak agertu zigun moduan, Luk eta Lek.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Elkarrekin artea, elkarrekin maitasuna

OSZAR »